Enpresa berrientzat lokala alokatzeko laguntzak

Zer da? Zertarako da?

Programa honen bidez, Bergarako Udalak lantzen ari den garapen sozio-ekonomikoa bultzatu nahi du, bi asmo uztartuz. Alde batetik, ekintzaile berriei alokairu-laguntza eskaintzea, beraien ibilbide-hasierako urratsetan laguntzeko; eta bestetik, herrian hutsik dauden lokalen erabilera berreskuratzea.

Asmoa da herriko merkataritza eta industria eremuetako funtzio ekonomikoa bultzatzea, eta horretarako jarduera eta ekimen berriak merkataritza- eta industria-ingurune horietan kokatzen dituzten enpresa berriei alokairu-laguntza emango zaie.

Udalak dirulaguntza hauek urtero argitaratzen ditu. Ikus:

http://www.bergara.eus/eu/herritarren-zerbitzura-dirulaguntzak

Nork eska dezake?

Interesdun den edozeinek edota horren legezko ordezkariak, behar den baimenarekin.

Laguntza jaso ahal izango dute eskaeraren urte berean sortu diren eta Bergaran egoitza izanda jardun-eremua gutxienez Bergaran daukaten enpresek.

Alokairu-laguntza hau eskatu ahal izateko, enpresa eskatzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Eskaera egiten denetik baino gutxienez 6 hilabete lehenagotik, eta gehienez 2018ko urtarrilaren 1etik, enpresak egoitza soziala Bergarako udalerrian izatea.

b) Eskaera egiten denetik baino gutxienez 6 hilabete lehenagotik, eta gehienez 2018ko urtarrilaren 1etik, enpresa Ekonomi Jardueren gaineko Zergan altan egotea.

c) Negozio-ekimenaren bideragarritasun-planaren azterketa Debagoieneko Garapen Ekonomikorako Agentzian egina izatea, eta enpresa-ideia bideragarria dela planean zehazki jasota izatea.

d) Hasierako plantila hamar langile edo gutxiagokoa izatea.

e) Enpresarioa autonomoa bada 120.000 euro baino gutxiagoko inbertsioa eginda izatea, eta enpresak kapital soziala badu kapital hori 120.000 eurokoa baino gutxiagokoa izatea.

f) Udalarekin alokairu-laguntzaren hitzarmena sinatzen dutenean eta diru-laguntza jasotzen ari diren bitartean enpresa betebehar fiskaletan eta Gizarte Segurantzakoetan egunean egotea; baita Bergarako Udalarekin ere.

g) Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan adierazitakoaren arabera, diru-laguntza jaso ezin izateko kausetako batean ez egotea.

h) Otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean jasotakoak kontuan hartuta, honako egoera batean ez egotea:

- Kideak aukeratzeko prozesuan sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duten elkarte edo erakundeak.

- Emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten jarduerak antolatzen dituzten elkarteak.

- Sexuaren ziozko bereizkeria dela-eta administrazio-zehapena edo zigor penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoak, dena delako zehapen edo zigorrak dirauen denboran.

Aurkeztu behar diren agiriak

  • Eskariarekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
    • Enpresa-ideiaren Bideragarritasun Plana.
    • Eskaera egiten duen pertsona fisikoaren NANa.
    • Interesduna ez den beste pertsona batek aurkezten badu eskaria, ordezkaritza-agiria (F0136) aurkeztuko da, eta horrekin batera interesdunaren eta eskatzailearen NANa, pasaportea edo bizileku-baimena.
    • Enpresa pertsona juridikoa bada: eratze edo aldaketa eskritura (merkataritza-erregistroko idazpenaren araberakoa) eta identifikazio fiskaleko zenbakia, eta enpresaren izenean eskaera egiten duen pertsona fisikoaren aldeko ahalorde notariala.
    • Autonomoa bada egindako inbertsioen justifikazioa.
    • Alokairu-kontratua
    • Ekonomi Jardueren gaineko Zergan, enpresaren altaren agiria.
    • Gizarte Segurantzan, enpresa eta langileen altaren agiriak
    • Enpresa Ogasun eta Gizarte Segurantzako ordainketetan eguneratuta egotearen agiriak.
    • Jardueran (kaltegabean edo sailkatuan) aritzeko aurretiazko komunikazioa.
    • Otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean jasotakoak kontuan hartuta, zinpeko erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko da, non honako hauek jaso beharko diren:
      • Hautagaiak aukeratzeko prozesuan, enpresak ez duela egin sexuaren ziozko bereizkeriarik.
      • Otsailaren 18ko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean jasotakoak kontuan hartuta, honako egoera batean ez egotea:
        • Kideak aukeratzeko prozesuan sexuaren ziozko bereizkeria eragiten duten elkarte edo erakundeak.
        • Emakumeek gizonekiko berdintasunean parte hartzea onartzen ez duten edo oztopatzen duten jarduerak antolatzen dituzten elkarteak.
        • Sexuaren ziozko bereizkeria dela-eta administrazio-zehapena edo zigor penala jaso duten pertsona fisiko edo juridikoak, dena delako zehapen edo zigorrak dirauen denboran.

Non eskatzen da?

        Postaz:
      • B@Z (Bergararren Arreta Zerbitzua)
        San Martin Agirre plaza 1 20570 BERGARA
        010 (943 779 100 Bergaratik kanpo)
        943 779 163

          ARGIBIDE GEHIAGO:
        • Garapen sozio-ekonomikoa
          Udaletxea
          San Martin Agirre plaza 1, 3. solairua 20570 BERGARA
          943 779 100 - luz. 1221

        Kostua

        Udalak bere gain hartzen du kudeaketaren kostua.

        Erabakitzeko epea

        • Aurreikusitako epea: Hiru hilabete.
        • Legezko epea: Hiru hilabete.
        • Administrazio isiltasunaren eragina: Ezespena.

        Legeak eta arauak

        Eskaera egin ondoren jarraitu beharreko prozedura

        • Eskaera jaso, dokumentazioa egiaztatu, sarrera erregistratu eta eskatzaileari jaso-agiria eman.
        • Eskaera eta dokumentazioa izapidetzearen ardura duen departamentura bideratu.
        • Teknikariaren txostena, Garapen teknikaria.
        • Batzorde informatzailearen irizpena, Sustapen Ekonomikoa eta Turismoa.
        • Batzorde informatzailearen irizpena, Ogasuna.
        • Ebazpena, Alkatetzaren dekretua.
        • Jakinarazpena, eskatzaileari.
        • Ordainketa/Itzulketa gauzatu.

        Organo erabakitzailea

        Alkatea

        Alkatea edo hark delegatutako organoa.

        Izapidetze honen ardura duen departamentua

        Bergarako Udala - Gizarte Zerbitzuak eta Sustapen Ekonomikoa

        Oharrak

        Datu pertsonalen babesa

        Egindako eskaeretako datu pertsonalak Bergarako Udalak tratatuko ditu, eskaria izapidetu ahal izateko helburuarekin.

        Datu horiek udal-kudeaketarako bakarrik erabiliko dira, baina beste administrazio publiko bati edo besteren bati laga edo jakinarazi ahal izango zaizkie 3/2018 Lege Organikoan aurreikusitako kasuetan –abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa–

        Indarrean dagoen araudiak babestutako eskubideak erabili ahal izango dira, helbide honetara zuzenduta:

        Bergarako Udala

        San Martin Agirre plaza, 1

        20570 Bergara