Usurbilgo Udalerriko etxe etxeko laguntza zerbitzua

ZER DA? ZERTARAKO DA?

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua asistentzia eta prebentzio zerbitzu bat da, erabiltzaileei ahal bezain luzaro norberaren etxean bizitzen jarraitzeko laguntza ematean datzana; horretarako, etxeko laguntza edo/eta laguntza pertsonala eskaintzen zaie, etxean moldatzeko eta beren komunitatean txertatzeko, bakardadea saihestuz. Etxeko laguntza laguntza pertsonalaren erabiltzaileek bakarrik jasoko dute.

NORK ESKA DEZAKE?

Oro har, ondorengo profila izango dute zerbitzu honen erabiltzaileek:

Usurbilen bizi eta erroldatuta dauden pertsona edo/eta familiak, beren autonomia galeraren edo ahultasun egoeraren ondorioz, norberaren etxe bizitzan bizitzen jarraitu ahal izateko eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko laguntza –aldi batekoa nahiz iraunkorra– behar dutenak.

Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen zorroari buruzko 185/2015 Dekretuak ezartzen duenari jarraituz, mendekotasun egoeran edo mendekotasuna jasateko arriskuan dauden pertsonei zuzendutako zerbitzua da etxez etxeko laguntza zerbitzua.

Honako pertsona edo/eta familia hauek ere izan daitezke etxez etxeko laguntza zerbitzuaren erabiltzaileak:

  • Beren autonomia pertsonalean zailtasunak dituzten 70 urtetik gorako pertsonak.
  • Beren autonomía pertsonalen zailtasunak dituzten ezgaitasuna duten pertsonak.
  • Beren kasa moldatzeko zailtasunak direla medio eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak edo/eta jarduera instrumentalak gauzatzeko laguntza behar duten pertsonak.
  • Familiek zaindu ezin dituzten edo behar duten zaintza eta arreta eman ezin dieten adingabeak.
  • Zama astunegia, harreman gatazkatsuak, gizarte egoera egongaitzak edo/eta gaixotasun fisiko edo/eta psikikoen ondoriozko arazoak dituzten familiak edo pertsonak, eguneroko bizitzako jardueretarako laguntza partziala edo erabatekoa behar dutenak.
  • Aldi bateko gaixotasun edo gaixotasun terminal batek jotako pertsonak, gaixotasunaren ondorioz eguneroko bizitzako jardueretarako beste norbaiten laguntza behar dutenak.

Kasuaren arduradunaren iritziz eta haren irizpideei jarraiuz

AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK

- NANaren fotokopia, edo beste edozein nortasun agiri baliokiderena.

- Familia liburua, baldin eta bizikidetza unitatean 18 urtetik beherako adingaberik badago.

- Mendekotasun edo/eta ezgaitasunen balioespena, baldin eta beste autonomia erkidego batean egina bada eta espedientea oraindik Gipuzkoako Foru Aldundira aldatu gabe badago.

- Mediku txostena, gizarte zerbitzuek beharrezkoa dela iritziz gero.

- Zaintzaren onuraduna adingabea edo legezko ezintasuna duen pertsona bat izanez gero, legez edo izatez, ordezkaritzaren egiaztapena (adingabeak badira: familia liburua, gurasoen eta seme-alaben arteko neurrien edo tutorearen izendapenaren dokumentua; ezgaitasuna duten pertsonak badira: tutorearen izendapenaren ebazpena edo izatezko zaintzailearen dokumentua, ereduari jarraituz egina).

- Egoera ekonomikoari buruzko datuak (zerbitzuaren onuradun diren pertsona guztiei dagokien dokumentazioa).

- Eskaria egin aurreko lau urteei buruzko ondasun higigarrien eta higiezinen agiria.

- Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zergaren azken aitorpenaren fotokopia, edo, bestela, Ogasunaren ziurtagiria, eskatzaileak aitorpena egiteko derrigortasunik ez duela egiaztatzen duena (ez da agiri hori aurkeztu beharrik izango aitortutako azken ekitaldian Gipuzkoako zergaduna izanez gero).

- Eskaria egiteko unean edozein kontzepturengatik jasotzen ari diren diru sarreren egiaztagiria: pentsioak eta gizarte aurreikuspeneko prestazio publiko, pribatu nahiz atzerrikoak, nominak, enpresa jardueren etekinak, etab.

- Kapital higiezinen etekinengatik diru sarreren ziurtagiria, halako etekinik balego.

- Banku posizio eguneratuen eta kapital higigarriaren etekinen ziurtagiria.

- Gipuzkoako lurraldetik kanpoko jabetzen katastro balioaren eta titulartasunaren egiaztagiria.

- Ezarritako prezioari dagokion hileko ekarpena ordaintzeko erabiliko den banku erakundea eta kontu korrontearen zenbakia.

- Udaleko gizarte zerbitzuek interesekotzat jotzen duten beste edozein dokumentazio.

Eskatzaileak bere egoera ekonomikoa balioesterik nahi ez badu edo modu frogagarrian egiaztatzen ez badu, ulertuko da uko egiten diela itxaron zerrenda –halakorik balego– osatzeko baremoan bere egoera ekonomikoa kontuan hartzeari, baita zerbitzua ordaintzeko eskaintzen diren laguntzei ere. Hala, zerbitzua jasotzeko ezarritako gehieneko tarifa ordaintzera behartuta egongo da.

NON ESKATZEN DA?

    Aurrez-Aurre:
  • Udaletxean
    Joxe Martin Sagardia Plaza Z/G 20170 USURBIL
    8:00-14:30
    943371951
    943371493

        ZENBAT KOSTATZEN DA?

        Zerbitzuaren kostua Gipuzkoako Foru Aldundia, Usurbilgo Udala eta erabiltzailearen artean ordainduko da. Azken honek bere gaitasun ekonomikoaren arabera ordainduko du dagokion ekarpena.

        Udalak ondorio horretarako urtero onartzen dituen tasen edo prezio publikoen arabera. Irizpide hauen arabera:

        a) Hartzailearen baliabide ekonomikoak, edo, hala badagokio, bizikidetza-unitateko gainerako kideen diru-sarrerak. Haien ekarpenaren muga zerbitzuaren kostu erreala izango da.

        b) Zerbitzuaren kostua.

        c) Erabiltzaileak zerbitzua zenbat erabiliko duen.

        Dagokion kostua (ordenantza fiskalaren araberakoa)

        PROZEDURAREN EPEA

        • Aurreikusitako epea: 2 Hilabete
        • Isiltasun-administratiboaren izaera: Aurkakoa

        ARAUDI APLIKAGARRIA

        • 2018ko maiatzean onartutako "Etxez Etxeko Laguntza" Arautegia -

        ESKAERA JASO ONDOREN JARRAITU BEHARREKO PROZEDURA

        Ez dagokio

        NORK ONARTU BEHAR DU?

        Udala

        IZAPIDETZEKO ARDURA DUEN UDAL SAILA

        Gizarte Zerbitzuak - Gizarte Zerbitzuak

        OHARRAK

        DATU PERTSONALEN BABESA

        Fitxategiaren izena: Ongizate

        DBEB kodea:

        Fitxategiaren xedea: Udalaren eta ongizateko zerbitzuen erabiltzaile eta onuradunen arteko harremanak kudeatzea.

        Aurreikusitako lagapenak:Estatukoak.Arauetan eta beste administrazio zein erakunde publikoekin sinatutako hitzarmenetan aurreikusitakoak.

        Oharra: Zure eskaeraren xedea kudeatzean, litekeena da eskaera beste fitxategi batean sartzea.

        Sinatzaileak bere datu pertsonalak tratatzeko baimena ematen du eta, aurreikusita egonez gero, baita lagatzeko ere.

        Interesdunak datuetara sartzeko, horiek zuzentzeko eta deuseztatzeko eta horien aurka egiteko eskubidea baliatu dezake Udalaren aurrean.

        Informazio gehiago: www.usurbil.eus