Putzu septikoak garbitzeko dirulaguntzak.

Zer da? Zertarako da?

Banakako ebaluazioaren erregimenean, baserrien saneamendu-instalazioen higienizazioa eta asepsia finantzatzeko diru-laguntza. Laguntza honen helburua da ingurumena zaintzea.

Udalak diru-laguntza hauek urtero argitaratzen ditu. Ikus dirulaguntzak

Nork eska dezake?

Laguntza jaso ahal izango dituzte pertsona fisikoek eta juridikoek.

Betiere laguntzetarako deialdiaren aurreko urteko abenduaren 31ren aurretik Bergaran erroldatuta badaude edo bertan egoitza fiskala badute, eta saneamenduko sare orokorrera loturarik ez duten baserrien jabeak badira, baserri horiek bizitegi-erabilerakoak badira eta putzu septikoa badute, II. eranskinean ezarritako baldintzen arabera (2021eko martxoaren 24ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratua).

Saneamendu-azpiegiturarik gabeko gune tzat joko dira hargunea jarri behar den tokian kolektore-sarerik ez duen gunea. Ezingo dira izan onuradunak ustiategi bakoitza ren hondakin-urek behar duten tratamendua norberaren ustiapen-proiektuan sartuta izan behar duten nekazaritzako, abeltzaintzako edo basogintzako ustiategi edo instalazioak.

Higiezin guztiak dagokien katastroan alta emanda egon beharko dira. Era berean, dirulaguntza-lerro honetatik kanpo geldituko dira turismoko edo ostalaritzako jarduerak.

Honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte onuradunek:

a) Betebehar fiskaletan eta Gizarte Segurantzakoetan egunean egotea; baita Bergarako Udalarekin ere.

b) Azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. ataletan adierazitakoaren arabera, dirulaguntza jaso ezin izateko kausetako batean ez egotea.

Eskaerak aurkezteko epea: 2021eko abenduaren 31.

Aurkeztu behar diren agiriak

Interesatuak laguntza-eskaera Udaleko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko du, udalak horretarako propio sortutako eskaera-inprimakia erabilita eta garbiketa egin ondoren. Ez da beste dokumenturik onartuko. Laguntza-eskaera aurkeztu ahal izango da obrak egiten hasi aurretik edo egin ondoren, oinarri orokorretan zehaztutako epearen barruan.

Dirulaguntzak eskatzeko honako dokumentuak behar bezala beteta eta sinatuta aurkeztu beharko dituzte:

a.- Dirulaguntza-eskaera, F0180 inprimakia erabilita.

b.- Interesatuaren izenean eskaera ordezkari batek aurkezten badu, ordezkaritza-agiria (F0136) bertan zehaztutako dokumentuekin.

c.- Laguntza eskatzen duen pertsonaren nortasun-agiria, egoitza-txartela edo pasaportea. Eta eskatzaileak pertsona juridikoa bada, IFZ.

d.- Kontu korrontearen titularitatea egiaztatzen duen agiria.

e.- Betebehar fiskaletan egunean dagoela egiaztatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuaren ziurtagiria, betiere eskaera-inprimakian udalari baimenik eman ez badio hura egiaztatzeko.

f.- Gizarte Segurantzako betebeharretan egunean dagoela egiaztatzen duen Gizarte Segurantzaren ziurtagiria, betiere eskaera-inprimakian udalari baimenik eman ez badio hura egiaztatzeko.

g.- Eraikinaren jabetzaren agiria.

h.- Garbiketa-lanen faktura.

i.- Uren arazketa-instalazioaren argazkiak.

j.- Helburu bera lortzeko jasotako beste dirulaguntzen agiriak.

Eskaerak puntu honetan aipatutako inprimakiari jarraituz ez aurkezteak laguntza ez onartzea eragingo du.

Udalak berak egiaztatuko du baldintza hauek betetzen ote diren: erroldatzea, jarduera ekonomikoen gaineko zergan altan egotea eta eraikina katastroan altan egotea.

Non eskatzen da?

        Postaz:
      • Bergarako Udala. B@Z (Bergararren Arreta Zerbitzua)
        San Martin Agirre plaza 1 20570 010 (943 779 100 Bergaratik kanpo)
        943 779 163

          ARGIBIDE GEHIAGO:
        • Hirigintza
          Udaletxea
          San Martin Agirre plaza 1, 2. solairua 20570 BERGARA
          943 779 100 - luz. 1230
          943779156

        Kostua

        Udalak bere gain hartzen du kudeaketaren kostua.

        Erabakitzeko epea

        • Aurreikusitako epea: Bi hilabete.
        • Legezko epea: Bi hilabete.
        • Administrazio isiltasunaren eragina: Ezespena.

        Legeak eta arauak

        Eskaera egin ondoren jarraitu beharreko prozedura

        Eskaera jaso, dokumentazioa egiaztatu, sarrera erregistratu eta eskatzaileari jaso-agiria eman.

        Eskaera eta dokumentazioa izapidetzearen departamentu arduradunari bideratu.

        Teknikariaren txostena.

        Lurraldeko batzorde informatzailearen irizpena.

        Ebazpena, Alkatearen Dekretua.

        Eskatzaileari jakinarazpena.

          Organo erabakitzailea

          Alkatea

          Izapidetze honen ardura duen departamentua

          Bergarako Udala - Hirigintza

          Oharrak

          - DIRU-LAGUNTZAREN ZENBATEKOA:

          - Udalak berariazko baldintzak betetzen dituztenei honako dirulaguntza emango die: putzu septikoaren garbiketa-kostuaren % 50, baina gehienez ere 500,00 euroko mugarekin instalazio bakoitzeko.

          - ERABAKITZEKO EPEA:

          - Erabakia hartzeko bi hilabeteko epea izango du gehienez –eskaera dokumentazio guztiarekin aurkezten denetik kontatzen hasita –.

          Epe hori igaro ondoren Udalak eskaeraren baten gainean berariazko erabakirik hartuko ez balu, ulertu ahal izango da ez dela eskaera hori onartu.

          Erabakiaren proposamena formulatu aurretik, Udalak beharrezko deritzon informazio osagarri guztia eskatu ahal izango du batzorde informatzailearen bitartez.

          • Eskaera egin aurretik, udal teknikariarekin egotea gomendatzen da.

          Dirulaguntza eskatzeko eskaera-inprimakia (F0180) behar bezala beteta eta sinatuta aurkeztu beharko da, gainontzeko dokumentazioarekin.

          Eskaera udal erregistroan aurkeztu beharko da eta erregistroa eman ondoren Hirigintzara pasatuko da.

          Datu pertsonalen babesa

          Egindako eskaeretako datu pertsonalak Bergarako Udalak tratatuko ditu, eskaria izapidetu ahal izateko helburuarekin.

          Datu horiek udal-kudeaketarako bakarrik erabiliko dira, baina beste administrazio publiko bati edo besteren bati laga edo jakinarazi ahal izango zaizkie 3/2018 Lege Organikoan aurreikusitako kasuetan –abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzkoa–

          Indarrean dagoen araudiak babestutako eskubideak erabili ahal izango dira, helbide honetara zuzenduta:

          Bergarako Udala

          San Martin Agirre plaza, 1

          20570 Bergara